XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikas dezagun.

Azkeneko larumbat huntan, jaun bat etorri zait etcherat, enekin zenbeit solas egin beharrez.

Nor den eta ene ganik zer nahi zukeen, erran daut berehala.

Alsacekoa da, gerlako egunetan hemen egona, eta orduan egin ezagun batzuen ikusten dabilana.

Entzun du Eskualduneri aste guziez Eskualdunean mintzo nitzaiotela, eta hortako nahi nintuen ikusi eta mintzatu.

Galdatu daut harekin egin solasez hitz bat erran dezotedan ene herritarreri.

Nahi luke Eskualdunek jakin dezaten zer den hango jendea, nola den bere zuzenari atchikia, eta zoin azkarki dakien ihardokitzen zuzen hoien beiratzeko.

Berrogoi-ta hamar urthe egonak dire Frantziatik berechiak, Alamanen eskupean.

Erran gabe doa Alamanek nahiko zituztela beren gogorat moldatu eta hezi.

Heien eskupetik ilki dire sartzean ziren bezala, beren eskolentzat, beren erlisionearentzat, lehenago zituzten zuzen guziak beiraturik.

Laster sinhets-arazi zioten Alamaneri debaldetan asaldatuko zituztela bazterrak, ez zutela heien ganik deus ardietsiko, ihardokiko baitzuten beren zainetako odol guzia ichuri arte.

Chede hortako zirela erakutsi dute hain ongi non Alemanek sinhetsi baitute.

Hola beren apezak, fraideak eta serorak, atchiki dituzte beti hein berean, Frantziatik berechtean zituzten zuzen berekin.

Alamanen esku dorpea lerratu da heien buru gogorraren gainean, nehor lehertu gabe, gehieneri kaskoa apal-arazi gabe ere.

Eta orai, hain atsegin handirekin berriz frantses bilakatu ondoan, lehenagoko gudu berari behar garela lotu! Lotuko gare chede berekin, khar berarekin, erraiten diotegularik gure etsai agertzen diren buruzagi hoieri, ez dutela deusik ardietsiko.

Frantses berriz bilakatzean, hori ginuen gure beldur bakarra.

Hortako ere ez gare lazatu, gure batasunak atchiki ditugu, bereziki ikusi dugularik zer errient motak egorri dauzkiguten Frantzia barnetik, azkeneko bortz urthe hautan.

Bizkitartean, aitortu behar dut gure lehenagoko errientak utzi dauzkigutela, orai arte bederen, herri gehienetan.

Beraz ihardokitzeko heinean gare behinere bezein azkarki.

Gure eskualdean ere badire gorriak, erlisionearen etsaiak, Frantziako lege tzarrak gogotik onets letzazketenak.

Bainan ez dire zuetarik hainitzek uste duten bezenbat: laurden bat goren gorenetik, ez gehiago.

Laurden hori bihotzez alaman bilakatua zen.

Orai bazterren nahastea bilatzen dute, ez baititeke deus hoberik Alamanentzat.

Horra noren gainean finkatu behar duten Frantziako buruzagiek.

Lauetarik hiruak, beiratzea hitzemana zaukuten gure zuzen heien alde agertuko gare ezin azkarkiago.

Eta gurekin ditugu ala judu ala protestant gehienak, hoiek ere nahiago baitute orai arte diren bezala, beren Frantziako lagunen heinerat jautsi gabe.

Berriz ere diot ez diotegula gure zuzen hoieri ukho eginen, hortako gure odola ichuri behar badugu ere.

Lotsarazi ginuen Bismark handia; lotsaraziko dugu ere Herriot bere iduriko guziekin.

Errozute zure herritar Eskualduneri guri jarreik diten.

Errana daukute bihotz handikoak direla, badakitela burua gora atchikitzen.

Badakigu nola ihardoki zioten heien elizetan chede tzarrekin sartu nahi izan zireneri, lotsarazi arte.

Hola egin dezatela, berriz ere, behar orduan, eta berriz ere lotsaraziko dituzte beren erlisionearen etsaiak.